Aurreko sarrera batean, Azkorri argiztatu genuela jakinarazi genizuen. Aixerrotako Zentzuz Guraso Elkartearen ekimenez, eta Iñaki Oñate argazkilariarekin, gurasoak, ikasleak eta irakasleak hondartza argiztatu genuen. Giro polita eta emaitza ikaragarria.
Musika Mintegian, badakizue ez garela geldi egoten. Bertan parte hartu ez ezik, bideo bat egiteko konpromisoa hartu genuen. Horrez gain, Munduko Bertsolaritza proiektuan dabiltzan ikasleek, kantu bat osatu zuten bideoan txertatzeko.
Gure ustez, bideoa txukun geratu da eta oso pozik gaude emaitzarekin. Hemendik gure eskerrik beroenak Guraso Elkarteari, Iñaki, abestiari ahotsa jarri diezuen ikasleei eta egun horretan parte hartzen zenutenoi. Hurrengo ekintzaren zain geratzen gara.
Sei urte eta gero, Batxilergoko ikasleek institutua bukatu dute. Selektibitatea geratzen zaie, baina badakigu oso ondo joango zaiela, urtean zehar jo ta ke ikasten ibili direlako.
Itsaso eta biok askotan haserretzen gara, baina badakizue asko maite zaituztegula. Eta urte batzuk dira elkar ezagutu genuela. Martxoan kantu eta lore-sorta polit batekin hunkitu gintuzuen. Oraingoan gure txanda izan da. Berbabandako luntxa baino lehen, jarraian ikusiko duzuen bideoa jarri genien. Bai, nahiz eta ez onartu, baten bati malkoren batek ihes egin zion. Bideo honetan, gurekin egon zareten bitartean atera ditugun argazkiak ikusgai dituzue.
Esan genizuen bezala, hastera zoazten etapa berri honetan, onena opa dizuegu! Eta nahi duzuenerako, badakigu non gauden! Zorte on eta muxu handi bat!
Astelehenean egun handia iritsi zen! Urtarriletik lanean eta gure lana erakusteko tenorea heldu zen!
Ostiralean azken entsaioa izan genuen Dan-ekin, adoptatu genuen bibolin jolea. Dena oso ondo joan zen eta nahiz eta kirioak dantzan izan, bagenekien emanaldia oso ondo joango zela.
11etan Bilboko Gran Via kaleko "BBK Aretoa"-n geunden. Nola kokatu, azken entsaioak egin eta dena prest arratsalderako. Lautan azken entsaioa egin genuen, apur bat lasaitu, kamerinoetan "txapa eta pintura tailerra" (sekulan ez ditugu hainbeste makillaje mota ikusi!) eta eszenatokira gure artea erakustera.
Gure familia, lagunak eta irakasleak atean puntual-puntual! Gogoz gure lana ikusteko. Xilofonoak, metalofonoak, kutxa, kutxa txinatarra, txindatak, zeharkako txirulak, tronpa, bibolina, gitarrak, pianoa... Esan beharra dago, emanaldia oso ondo joan zela eta oso gustora geratu ginela. Oso esperientzia polita izan da musiko profesional batekin lanean ibiltzea eta era berean, ezagutza musikalak dituzten ikasleak ez dituztenekin nahastea.
Atzo esan bezala, ikasle, guraso eta irakasleok batu ginen Gorrondatxeko argazki argiztatua ateratzeko helburuarekin.
18:00etan, areto nagusian batu ginen eta Iñaki, Gonzalo eta Albertoren azalpenak entzun eta gero, kotxeak hartu eta Azkorriko parkinera joan ginen. Traste guztiak kotxetik atera eta hondartzara jeitsi ginen.
Trasteak utzi, tripodeak montatu, kamarak jarri eta Iñakik esandako guztia praktikan jarri genuen. Ondoren linternak eta kandelak haitzetan zehar jarri genituen. Guztiz ilundu arte, ezin genuen argazkia atera. Baina ez genuen aspertzeko tarterik izan: mokadutxoa jan, batzuen kantuak, trikiaren soinua eta batez ere, gazteen eta helduen arte giro bikaina gailendu zen.
Argazkiaren emaitza, laster ikusiko dugu. Eta gutxi barru egunaren bideo muntaia ere ikusgai izango duzue, Musikako ikasleek prestatutako kantu baten laguntzaz.
Hemendik gure eskerrak eman Zentzuz Guraso Elkarteari egindako lanarengatik. Atzokoa esperientzia ahaztezina izan zen. Aukera gutxi izaten dugu ikasleak, gurasoak eta irakasleak batera egoteko, eta benetan, oso aberasgarria izan zela. Segi lanean!
Ikastetxeak eta Zentzuz Guraso Elkarteak antolatutako proiektua aurkeztera gatozkizue. Ikastetxe handia izanik, gurasoen artean hainbat artista ditugu eta ikasleekin haien esperientzia elkarbanatzea oso garrantzitsua da.
Iñaki Oñate argazkilaria ikastetxeko aita da eta argazkiekin proiektu bereziak aurrera eramaten aditua da. Orain gutxi, Butroeko gaztelua pilekin argiztatu zuen. Eta oraingoan, Aixerrotako ikasle, irakasle eta gurasoen laguntzaz Gorrondatxe hondartza argiztatuko dugu!
Zita, gaur izango da, apirilak 17. 18:00etan Aixerrotan elkartuko gara eta bertako areto nagusian, Iñaki Oñate argazkilariak gadget-ak erabiltzen erakutsiko digu. Horrez gain, Gonzalo Calvo geologoak eta Alberto Santolaria biologo marinoak gure kostako ondare geologiko eta biologikoaz hitz egingo digute. Ondoren, Azkorriko hondartzara abiatuko gara, iluntzean, hondartza linternekin argiztatu eta argazkia aterako dugu (behean, pilotajea ikusgai duzue).
Ekintzaren helburua ikasleak, iraskasleak eta gurasoen artean elkarlanean aritzea da, eta arratsalde-iluntzea ahaztezina pasatzea, gure ondare eta argazkigintza aitzakitzat hartuta.
Nola ez, Musikako saltseroak proiektuan parte hartuko dugu. Prozesuaren grabaketa egingo dugu, bideoa montatu eta abesti bat egingo dugu. "Munduko Bertsolaritza" proiektuko ikasleek abestia sortuko dute.
Aste Santuko oporrak ederki etorriko zaizkigu. Hiruhilabetea gogorra izan da, baina azken bi asteak oso potente etorri zaizkigu.
Aurreko sarreretan emanaldi desberdinen berri eman dizuegu, baina aste bat lehenago, martxoaren 16-17-18an Sarrian (Araba) ibili ginen DBH 4koekin. Hirugarren urtea da hiru eguneko irteera antolatzen dugula. Zergatik? Elkarbizitza lantzeko. Azken urteetako esperientziak erakutsi digu taldea izaera landuta, emaitza eta giroa asko ezin hobea dela, eta irteera honekin hori lortzen dugu: giro itzela ikasle eta irakasleen artean.
Lehen egunean Sobronera joan ginen eta bertan piragua eta paintball-ean ibili ginen. Eguraldiak errespetatu zigun eta oso ondo pasatu genuen. Uretan ederto ibili ziren, nahiz eta hotz itzela egin. Arraunlari trebeak ditugu! Eta zer esan paintball-ean... Batzuen trebezia lurretik arrastaka ibiltzeko...
Arratsaldean Sarriara heldu ginen, aterpean trastoak utzi, dutxa hartu eta herritik zehar ibili ginen. Gauean ederto afaldu eta hurrengo asteko emanaldia prestatzen ibili ginen.
Bigarren egunean, Otxandioko "Hontza Extrem" parkera hurbildu ginen. Zuhaitzetatik zehar ibili ginen eskalatzen, tirolinetan behera... Nekagarria, baina oso gustora! Arrastian, Otxandio herrira ibili ginen, pasiotxu bat emanez eta bertako parkean "Slackline" delakoan ibili ginen. Inoiz Usategitik pasiatu baduzue, hor ikusiko zenituzten soka batzuk bi zuhaitzeri lotuta eta bertatik ekilibrioak egiten. Horretan aritu ginen, hori bai, baten batek lurra "muxukatu" zuen. Zirkorako ez dugu balio!
Arratsaldean, berriro ere, dutxa hartu, pasiotxu bat herritik eta afaltzera! Gure azken entsaioa egin eta logeletara abiatu ginen. Batzuk tertulia luzean ibili ziren, baina hurrengo egunean denak formal-formal altxatu ziren Gorbeiako parketxera joateko.
Parketxean bideo bat ikusi genuen, bertako gidariek azalpenak eman zizkiguten eta azkar alde egin behar izan genuen euritan hasi zitzaigulako. Bazkaldu eta autobusera Algortarako bidean.
Irteera polita, giro ederra eta errepikatzeko gogoz! Bideoan argazkiekin egindako muntaia daukazue!
Batxilergokoei baino lehen, DBH 4koek haien emanaldia eskeini zuten Aixerrotako Kultur Astean. Lehen emanaldia izaten da eta kirioak dantzan izaten ditugu. Batzuen lehen aldia eszenatoki batean, aurkezpena egin beharra, batzuk instrumentoak jo eta gainera publiko bezala 1. Batxilergoko ikasleak!
Hala ere, eta akatsak akats, emanaldia oso ondo joan zen. Mozorro eta guzti, bideoan ikusgai izango duzue. Lehena beti izaten da zailena, eta badakigu, aurrerantzean egingo ditugun emanaldietan lasaiago eta askoz hobeto abestuko dugula. Zorionak!
Aipatu beharra dago, publiko moduan 1. Batxilergoko ikasleak izan zituztela eta abesten lagundu zietela eta bukaeran sorpresa eta guzti etorri zitzaizkigula. "Morriña" zeukaten eta pasa den urteko abesti batzuk eskeini zizkiguten. Eta berriro ere David Bisbal etorri zitzaigun taula gainera "Ene Maritxu" abesteko. Hau guztia, pasa den urteko giro onaren seinale. Eskerrik asko artistak!