jueves, 18 de diciembre de 2014

URTE BERRI ON!

Abendua, eta egutegiari egun gutxi geratzen zaizkio 2014a bukatzeko.

Musika mintegiarentzat urte garrantzitsua izan da, proiektu desberdinak aurrera atera dituelako. Nahiz eta lan pila izan, gustora gabiltza eta badakigu 2015 urte oparoa izango dela, gehien bat, gure ikasleei esker. 

Berbabanda bukatu zenean, ikasleak "orain zer?" galdetu ziguten. Urtea zoriontzeko postala prestatzea bururatu zitzaigun, postal musikatu bat. "Ho hey" kantua aukeratu genuen, letra berria sortu eta kaosa iritsi zen!

Bateria, gitarrak, pianoa, bibolina, kutxa flamenkoak, ukelea, kableak, "jack" eta "minijack" (jada gure lagun bihurtu dira!), mikroak... Bi aste hauetan Musika gela desastrea izan da. Bi aste hauetan izan dugun lan erritmoa beldurtzekoa izan da, baina gaur gure postala "erditu" dugu!

Esker bereziak eman nahi dizkiegu DBH 4 eta Batxilergoko musikariei! Lan itzela eta bikaina! Teknikoki ez da bideo bikaina, baina era batean edo bestean, musika nola bizi dugun transmititzen du, gure alaitasuna, gure lana... Eta ez dago zer hoberik zuekin elkarbanatzea baino!

URTE BERRI ON!!!


martes, 9 de diciembre de 2014

BERBABANDA, ESKERRIK ASKO!!!

Batzuk pentsatuko duzue kristolako "kaparrada" eman dugula Berbabandarekin, etxekoek testuak buruz ikasi dituzte,... Baina abenduaren 3a di-da  batean iritsi zen.

Esan beharra dago, nahiko ikaratuta joan ginela. Sarrerak agortuak, Andres Isasi Musika Eskolako aretoa topera, gure lagun, familia, lagunak eta lankideak urduri, 45 musikari gure esanetara... Langa oso altu, baina uste dugu komunikabideek iragarri zuten arrakasta lortu genuela. 

17:30etan aretoan geratu ginen. Denok beltzez, elegante, nola ez! Egunak ez zuen gutxiago merezi! Entsaio txiki bat egin genuen, kalera atera, baretu eta uste baino lehenago momentua iritsi zen. Hemendik Joxiri, Euskara Zerbitzuko teknikariari, gure eskerrak eman dizkiogu egindako aurkezpenengatik. Musika hasi baino lehen, batzuk hunkitu ginen. Hilabete askotako lana izan da, eta sentimenduak puri-purian genituen. 

West Side Story, Queen, Abba, Sorotan Bele... Soinuak une batzuetan kale egin zigun, baina esan beharra dago, oso ondo geratu zela eta bertaratu zirenek asko gozatu zutela. Zenbat testu, entsaio, entonazio uneak, barreak, haserreak, negarrak... Baina emaitza ikaragarria, giroa ezinhobea eta gogoz esperientzia berriro ere errepikatzeko.

Jarraian, egun horretan egindako argazkiekin egindako muntaia txiki bat ikusgai duzue. Milesker eta gora Berbabanda! 


lunes, 1 de diciembre de 2014

SARRERAK AGORTUTA!!!

Pare bat egun Berbabandarako!

Urduritasuna nabari da, baina badakigu saio itzela aterako dela. Hiru hilabete hauetan egindako lana izugarria izan da eta orain taularatzea baino ez da geratzen.

Dakizuen bezala, asteazken honetan izango da eta berri oso on batekin gatozkizue: sarrerak agortu dira! Aforoa bete da, 300 entzule! Eta ez pentsa guztion aitite-amamak datozenik, Kultur Etxean eta Musika Eskolan 200 sarrera banatu dira. 

Jarraian, azken astean komunikabideetan ateratako estekak dituzue. Argazkian, Beñat Matos eta Ane Arriaga Euskadi Irratian. 

Funtzioa hasteara doa! 


jueves, 20 de noviembre de 2014

BERBABANDA

Aurreko post batean, hainbat liburu ikusi zenituzten, pista bat eman genizuen, 2. Batxilergoan zeozertan genbiltzala. Argitzeko garaia heldu da. Irailetik proiektu oso garrantzitsu batean murgildu ginen, eta laster, emaitza ikusiko duzue.


Izenburuak esaten duen bezala, "Berbabanda" ikuskizuneko protagonistak izango gara, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolako Bandarekin batera. Ekitaldia, Getxoko Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortutakoa da. 

"Berbabanda"-n Musika eta Literatura uztartuko ditugu. Musika Bandak, errepertorio bat eman zigun, eta guk kantu horiek testuz hornitu ditugu. Bandak jotzen duen bitartean, testuak irakurriko ditugu. Mota guztietako testuak: elkarrizketa biziak, maitasuna testuak, hausnarketara bideratuta daudenak,... Musikarekin bat datozen testuak. 

Getxo artistaz beterik dago eta euskal idazleak ere ugariak dira. Laura Mintegi, Iñaki Friera, Unai Elorriaga eta Irati Elorrieta idazleei, ekitaldi honetarako testu bana eskatu genien. Esan beharra dugu haien erantzuna oso positiboa izan dela eta testu ederrak bidali dizkigutela. Era batera edo bestera, Aixerrotarekin lotura dute: bertako guraso edo ikasle ohiak  direlako. Hemendik, gure eskerrik beroenak! 

Ekitaldia, abenduaren 3an izango da, 19:30etan, Andres Isasi Musika Eskolan. Bertaratzeko asmoa baduzue, gonbidapenak Andres Isasi Musika Eskolan edo Kultur Etxean eskuratu ditzakezue. 




lunes, 17 de noviembre de 2014

ATOMIC BOY BLUES ANDRES ISASIN

Ostiralean, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan "Atomic Boy Blues" taldea entzuteko aukera izan genuen. Kontzertu hau Zentzura at! festibalean kokatuta dago. Rock talde gazte honek orain urtebete bullyng-ari buruzko abesti bat egin zuen. DBH 4ko Tutoretza saioetan gai hau landuko denez, interesgarria iruditu zitzaigun.

Pena bat izan zen soinua ez izatea espero bezain ona, baina txundituta geratu ginen gazte hauek eszenatoki gainean erakutsitako heldutasunagatik, kantu ezagunen bertsioak ezinhobeak izan ziren. Asko gozatu genuen kontzertuan!

Eta esan daiteke, DBH 4ko ikasleen artean fan talderen bat ere lortuko zutela...




martes, 4 de noviembre de 2014

Musika eta Literatura elkarlanean

Nork esan du Musika eta Literaturak ez dutela bat egiten? Nork esan dezake ez direla bikote perfektua?

Adibidea hementxe daukazue. Gaurko Berria egunkarian, Gose taldeak argitaratu duen proiektu berriaren zehaztasunak dakartza. Letrak Joseba Sarrionandiaren testuetatik jaso dituzte. Bertan, esteka: http://www.berria.eus/paperekoa/1753/030/001/2014-11-05/gosea_asetzeko_artefaktu_bat.htm

domingo, 19 de octubre de 2014

2. BATXILERGOAN ZERBAIT GERTATZEN ARI DA...

Apurka-apurka jakingo duzue zer daukagu esku artean...