jueves, 18 de diciembre de 2014

URTE BERRI ON!

Abendua, eta egutegiari egun gutxi geratzen zaizkio 2014a bukatzeko.

Musika mintegiarentzat urte garrantzitsua izan da, proiektu desberdinak aurrera atera dituelako. Nahiz eta lan pila izan, gustora gabiltza eta badakigu 2015 urte oparoa izango dela, gehien bat, gure ikasleei esker. 

Berbabanda bukatu zenean, ikasleak "orain zer?" galdetu ziguten. Urtea zoriontzeko postala prestatzea bururatu zitzaigun, postal musikatu bat. "Ho hey" kantua aukeratu genuen, letra berria sortu eta kaosa iritsi zen!

Bateria, gitarrak, pianoa, bibolina, kutxa flamenkoak, ukelea, kableak, "jack" eta "minijack" (jada gure lagun bihurtu dira!), mikroak... Bi aste hauetan Musika gela desastrea izan da. Bi aste hauetan izan dugun lan erritmoa beldurtzekoa izan da, baina gaur gure postala "erditu" dugu!

Esker bereziak eman nahi dizkiegu DBH 4 eta Batxilergoko musikariei! Lan itzela eta bikaina! Teknikoki ez da bideo bikaina, baina era batean edo bestean, musika nola bizi dugun transmititzen du, gure alaitasuna, gure lana... Eta ez dago zer hoberik zuekin elkarbanatzea baino!

URTE BERRI ON!!!


martes, 9 de diciembre de 2014

BERBABANDA, ESKERRIK ASKO!!!

Batzuk pentsatuko duzue kristolako "kaparrada" eman dugula Berbabandarekin, etxekoek testuak buruz ikasi dituzte,... Baina abenduaren 3a di-da  batean iritsi zen.

Esan beharra dago, nahiko ikaratuta joan ginela. Sarrerak agortuak, Andres Isasi Musika Eskolako aretoa topera, gure lagun, familia, lagunak eta lankideak urduri, 45 musikari gure esanetara... Langa oso altu, baina uste dugu komunikabideek iragarri zuten arrakasta lortu genuela. 

17:30etan aretoan geratu ginen. Denok beltzez, elegante, nola ez! Egunak ez zuen gutxiago merezi! Entsaio txiki bat egin genuen, kalera atera, baretu eta uste baino lehenago momentua iritsi zen. Hemendik Joxiri, Euskara Zerbitzuko teknikariari, gure eskerrak eman dizkiogu egindako aurkezpenengatik. Musika hasi baino lehen, batzuk hunkitu ginen. Hilabete askotako lana izan da, eta sentimenduak puri-purian genituen. 

West Side Story, Queen, Abba, Sorotan Bele... Soinuak une batzuetan kale egin zigun, baina esan beharra dago, oso ondo geratu zela eta bertaratu zirenek asko gozatu zutela. Zenbat testu, entsaio, entonazio uneak, barreak, haserreak, negarrak... Baina emaitza ikaragarria, giroa ezinhobea eta gogoz esperientzia berriro ere errepikatzeko.

Jarraian, egun horretan egindako argazkiekin egindako muntaia txiki bat ikusgai duzue. Milesker eta gora Berbabanda! 


lunes, 1 de diciembre de 2014

SARRERAK AGORTUTA!!!

Pare bat egun Berbabandarako!

Urduritasuna nabari da, baina badakigu saio itzela aterako dela. Hiru hilabete hauetan egindako lana izugarria izan da eta orain taularatzea baino ez da geratzen.

Dakizuen bezala, asteazken honetan izango da eta berri oso on batekin gatozkizue: sarrerak agortu dira! Aforoa bete da, 300 entzule! Eta ez pentsa guztion aitite-amamak datozenik, Kultur Etxean eta Musika Eskolan 200 sarrera banatu dira. 

Jarraian, azken astean komunikabideetan ateratako estekak dituzue. Argazkian, Beñat Matos eta Ane Arriaga Euskadi Irratian. 

Funtzioa hasteara doa!